miércoles, 30 de noviembre de 2011

Irakasleen txanda!

Ikasleei dagokien hainbat aholku eta ariketa proposatu ostean, irakasleei eskainitako atala lantze ezinbestekotzat jo dut. Irakasleak, umeen eredu direnak (eta izango garenak) nola jokatu behar dute? Zein balio transmititu behar dituzte? Zein jarrera izan behar dute? 

Hori argitzeko asmoz, iturri desberdinetatik lortutako informazioa aurkezten dizuet gaurko sarreran.

Eta, irakasleak.. zer?

XXI. mendean, irakaslearen zeregina ez da soilik ikasgai magistralen bidez ezagutza transmititzera mugatzen. Gaur egungo hezkuntzako profesionalek irakasle profil berria sustatu behar dute, aldaketa sozial eta ekonomikoetara egokitzeko. 

Horretarako, beharrezkoak diren konpetentzia emozionalak erabili behar ditu, adimen emozionalaren garapenaren eredu eta sustatzaile den heinean. Egungo gizartean, hezkuntza-komunitateak ezaugarri emozional jakin batzuk eskatzen dizkio irakasleari bere profil profesionalean. 

Irakasleak, eredu emozional den heinean, gizarte-elkarreraginek sorturiko emozioak antzeman eta ulertu ahal izateko, eta bulkadak kontrolatuz emozioak era erregular batean adierazteko ikaskuntza sustatuko du. 
Eta irakaslea, sustatzaile emozional den heinean, giro emozional positiboa sortzeko gai izango da. Giro emozional positibo hori sortzeko, alaitasuna, segurtasuna eta konfiantza transmititu beharko ditu besteak beste, ikasleak erabakiak hartzeko orduan lagundu eta orienta ditzan. 

Ikaskuntza emozional honek adiskidetasun, lankidetza eta elkartasun-loturak eta pertsonen arteko harreman egokiagoak sortzeko eta gizakion elkarbizitza hobetzeko aukera ematen du.

Honekin lotuta, irakasleen inguruko  informazio interesgarria topa daiteke honako liburuxka honetan:




viernes, 25 de noviembre de 2011

Adimen emozionala lantzeko proiektuak

Lehen Hezkuntzako ariketen proposamenekin bukatu dugu eta beste aspektu batzuetan zentratuko gara oraingoan: eskola, gizarte, irakasle zein familiengan. Hori da, hain zuzen ere, sarrera honetan landuko duguna; adimen emozionala eskoletan ezartzeko proiektuetan ariktuko gara.


Gaur egun, Bizkaiko eskoletan adimen emozionalaren inplantazioaren aldeko hainbat ekimen ari dira gauzatzen: irakasleen formakuntza, material didaktiko berria…

Nahiko proiektu berria dugu gure lurraldean, izan ere, adimen emozionala Euskal Herriko eskoletan sartzearen aitzindaria Gipuzkoa dugu. Horrelaxe bada, Gipuzkoan lehenago hasi ziren proiektua martxan jartzen, izan ere, Gipuzkoako Aldundiak izugarrizko ahalegina egin du adimen emozionala ikastetxeetan lantzen hasteko.

Hori dela eta, horren inguruko bideo bat jarriko dizuet gaurkoan, bertan, UGLE-n proiektua aurrera nola eraman den azalduko digu Peio Biañek, UGLE-n aurrera eramango den proiektuaren koordinatzailea baita.  Gainera, adimen emozionalaren inguruko argibideak azaltzen dira eta ikasleen, irakasleen zein familien jarrerak kontatuko dizkigu.




Nor naiz? zer sentitzen dut?

Umeentzako ariketekin bukatzeko, gelditzen zaigun zikloan oinarrituko gara, bigarren zikloan, hain zuzen ere. Hauxe da proposatzen dudan ariketa

MUSIKA SENTITUZ!

Jasotzen ditugun estimuluek emozio desberdinak sorrarazten dizkigute. Gauza bera gertatzen da musikarekin. Musika entzuten dugunean, gure emozioak martxan jartzen dira. Entzuten dugunak, oroimenak ekartzen dizkigu, momentu konkretuak gogoratzea.. horrek emozio bat edo batzuk sentitzea eragiten du. Batzutan, musikak emozioak sentitzea eragiten du, nahiz eta zerbait konkretuan pentsatzen ez dugun.
Guztiok ez dugu berdin sentitzen, hau da, ez ditugu emozio berak, baina hala ere, batzuetan antzekoa izan daiteke.

HELBURUAK:

-         -  Sentitzen dugunaren kontzientzia hartzea.
-         -  Sentitzen dugunari izena ematen jakitea.

METODOLOGIA:

Orri zuri bana emango diegu ikasleei. Bakoitzak eroso sentitzen den gelako toki bat bilatuko du eta hor kokatuko da.

Musika jarriko dugu eta honako galderak egingo dizkiegu: Zer sentitzen duzu? Zeozer gogoratu duzu? Horren arabera, marrazki bat egingo dute. Abestian zehar, aldaketak egon daitezke, hori dela eta, guztiak apuntatzeko eta marrazteko eskatuko diegu.

Abestia bukatzean, zer sentitu duten, zer irudi izan duten buruan... galdetuko diegu. Gauza bera egingo dugu abesti guztiekin.



BALIABIDEAK:

Musika desberdinak

DENBORALIZAZIOA

 45 minutu

ORIENTAZIOAK

Garrantzitsua da lasaitasun giroa lortzea eta ikasle bakoitzak bere lekua bilatzen uztea lasaiago lan egiteko.
Honako abestiak jartzea proposatzen dizkizuet, orientabide moduan:

- Enya: Caribbean Blue






- Mark André: "Don't leave me"


- Kepa Junkera: "Bob Espok"








domingo, 13 de noviembre de 2011

ENTZUTEN DIZUT...

Hirugarren zikloari dagokion ariketa bat proposatzen dizuet oraingoan! Giza abileziekin egongo da lotuta, izan ere, ziklo honetan zehar, umeek haien artean dituzten harremanek berebiziko garrantzia dute. Harreman horiek modu egokian gauzatzeko, oso inportantea da besteek esaten dutena entzutea. Hori da hain zuzen ere, ariketa honen helburua.

Ez entzutearen jokoa 

Entzuteko jarrera garatzean, elkarrizketa komunikaziorako baliabide gisa erabiltzen dugu, mezuak ulertzeko gaitasuna lortzen dugu eta gizakien arteko komunikazio-arazo larriak gainditzeko gai bihurtzen gara. 

Helburuak 

-Entzule onak izateko arrazoiak identifikatzea. 
-Norabide bakarreko komunikazioaren zailtasuna frogatu eta entzutearen garrantzian sakontzea. 
-Entzulearen jokaera on eta txarrak identifikatzea. 
-Ahozkoa ez den komunikazioarekiko sentsibilitatea garatzea. 


Metodologia 

Gela bi taldetan banatuko dugu: bat gelan geratuko da, eta bestea gelatik aterako da.  Irakasleak, gelan geratzen direnei, kanpoan dauden ikaskideei azalduko dieten kontakizun  bat prestatzeko eskatuko die; gelatik kanpo daudenei, berriz, gelara sartzen direnean ikaskideek kontakizun bat azalduko dietela eta ez entzutearena egin behar dutela esango die (beste aldera begiratuz, erlojuari begiratuz, aho-zabalka, aspertzearen eginez...). Barruan daudenek ez dute jakingo kanpokoek zer egingo duten. 

Gela barruan geratu direnek kontakizuna prest dutenean, kanpokoak gelan sartu eta bikoteka jarriko dira (kanpoan egon den bat, barruan geratu den batekin). Bakoitzak bere zeregina izango du. Behin jarduera burutu ondoren, eztabaida egingo dugu kontakizuna prestatu dutenak nola sentitu diren adierazteko. Azkenik, talde txikitan, entzute aktiboaren jarraibideak zerrendatuko dituzte. Ondoren, gela aurrean azalduko dituzte eta irakaslearen laguntzarekin zerrenda osatuko dute. 

Baliabideak 

-Koadernoa 
-Arkatza 

Iraupena 

60 minutu. 

Orientazioak 

Kanpoko taldea kanpoan ahalik eta denbora gutxien egon dadin saiatu behar da irakaslea, eta horretarako, barruan dagoen taldeari ohar garbi eta motzak emango dizkio. Entzute aktiboaren jarraibideak hauek izan daitezke: 

-Hitz egiten ari den pertsonari begietara begiratu, eta geuk hitz egin behar dugunean, gure aurretik aritu denari ere begiratu. 
-Gorputz eta buru jarrera positiboa izan: kidearen aurrean kokatuz, buruarekin baietz eta irribarre eginez. 
-Hitz egitean txandak errespetatu: etenik egin gabe eta hitz egiten duena epaitu gabe. 
-Galdera egokiak egin, hobeto ulertu ahal izateko. 
-Hitz egin duen azkenak esandakoaren laburpena egin. 
-Laburpenaren ondoren, aurrekoaren argudioak zer iruditu zaizkigun adierazi. 
-Parte-hartzaile bakoitzak bere iruzkin, argudio eta arrazoiak eman ditzake, baldin eta aurreko pauso guztiak bete badira. 


Iturria: 

Ariketa: Adimen Emozionala Lehen Hezkuntzan, lehenengo zikloa (Gipuzkoan emozioak: ezagutu, ikasi, landu, bizi).
Argazkia:http://www.20minutos.es/noticia/746890/0/ninos/espanoles/adolescencia/

jueves, 3 de noviembre de 2011

Adimen emozionala Lehen Hezkuntzan lantzeko ordua

Zikloka banatuko ditut proposatzen ditudan ariketak eta lehenengotik hasiko naiz, beraz, ariketa hau 6-8 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da.

Gainera, adimen emozionalarekin loturik dauden gaitasun desberdinetan sailkatuko ditut: kontzientzia emozionala, emozioen erregulazioa, autonomia emozionala, giza abileziak eta bizitzeko trebetasunak. Zikloka egingo dudanez, gehiegi iruditu zait ziklo bakoitzeko arestian aipatutako bost gaitasunak lantzeko ariketa bana proposatzea, beraz, txandakatzen joango naiz.

Besterik gabe, hona hemen lehenengo ariketa:

ETENGABEKO DANTZA

Sarrera

Gure burua maitatzeak eta ulertzeak besteak ulertzea eta maitatzea laguntzen gaitu.

Helburuak

-Norbere burua ezagutzea eta maitatzea.

-Paregabeak eta desberdinak garela konturatzea eta onartzea.

Metodologia

Irakasleak musika jarriko duela esango die ikasleei. Musika entzutean dantzatzen hasiko dira ikasleak, musikaren erritmoa mantenduz.

Une jakin batean, irakasleak ezaugarri bat esango du ozenki, hala nola: ilehoriak, martxoan jaio direnak, iluntasunari beldurra diotenak, kirolari onak, eta abar. Une horretan irakasleak musika itzaliko du eta ezaugarri hori dutenak irakaslearen eskuinean jarriko dira. Beste guztiak geldirik geratuko dira beren tokian. Berriro musika piztu eta ikasleak dantzatzen hasiko dira, irakasleak hurrengo ezaugarria aipatu arte. Bukatzeko, borobil batean jarriko gara, atera diren ezaugarriez hitz egingo dugu eta ikasleei besteren bat bururatu zaien galdetuko diegu.

Baliabideak

-Kasetea.
-Zinta.

Iraupena

30 minutu.

Orientazioak

Musika aukeratzerako orduan, komenigarria da musika alaia eta ezaguna erabiltzea.

Oztoporik gabeko gela erabili beharko genuke ariketa egiteko.

Irakasleak kontuan hartu behar du ikasle guztiek parte hartu beharko dutela ariketan, hau da, ezaugarri ezberdinak aipatu beharko dituela.




Niños bailando


Iturria: Adimen Emozionala Lehen Hezkuntzan, lehenengo zikloa (Gipuzkoan emozioak: ezagutu, ikasi, landu, bizi).