Hirugarren zikloari dagokion ariketa bat proposatzen dizuet oraingoan! Giza abileziekin egongo da lotuta, izan ere, ziklo honetan zehar, umeek haien artean dituzten harremanek berebiziko garrantzia dute. Harreman horiek modu egokian gauzatzeko, oso inportantea da besteek esaten dutena entzutea. Hori da hain zuzen ere, ariketa honen helburua.
Ez entzutearen jokoa
Entzuteko jarrera garatzean, elkarrizketa komunikaziorako baliabide gisa erabiltzen dugu, mezuak ulertzeko gaitasuna lortzen dugu eta gizakien arteko komunikazio-arazo larriak gainditzeko gai bihurtzen gara.
Helburuak
-Entzule onak izateko arrazoiak identifikatzea.
-Norabide bakarreko komunikazioaren zailtasuna frogatu eta entzutearen garrantzian sakontzea.
-Entzulearen jokaera on eta txarrak identifikatzea.
-Ahozkoa ez den komunikazioarekiko sentsibilitatea garatzea.
Metodologia
Gela bi taldetan banatuko dugu: bat gelan geratuko da, eta bestea gelatik aterako da. Irakasleak, gelan geratzen direnei, kanpoan dauden ikaskideei azalduko dieten kontakizun bat prestatzeko eskatuko die; gelatik kanpo daudenei, berriz, gelara sartzen direnean ikaskideek kontakizun bat azalduko dietela eta ez entzutearena egin behar dutela esango die (beste aldera begiratuz, erlojuari begiratuz, aho-zabalka, aspertzearen eginez...). Barruan daudenek ez dute jakingo kanpokoek zer egingo duten.
Gela barruan geratu direnek kontakizuna prest dutenean, kanpokoak gelan sartu eta bikoteka jarriko dira (kanpoan egon den bat, barruan geratu den batekin). Bakoitzak bere zeregina izango du. Behin jarduera burutu ondoren, eztabaida egingo dugu kontakizuna prestatu dutenak nola sentitu diren adierazteko. Azkenik, talde txikitan, entzute aktiboaren jarraibideak zerrendatuko dituzte. Ondoren, gela aurrean azalduko dituzte eta irakaslearen laguntzarekin zerrenda osatuko dute.
Baliabideak
-Koadernoa
-Arkatza
Iraupena
60 minutu.
Orientazioak
Kanpoko taldea kanpoan ahalik eta denbora gutxien egon dadin saiatu behar da irakaslea, eta horretarako, barruan dagoen taldeari ohar garbi eta motzak emango dizkio. Entzute aktiboaren jarraibideak hauek izan daitezke:
-Hitz egiten ari den pertsonari begietara begiratu, eta geuk hitz egin behar dugunean, gure aurretik aritu denari ere begiratu.
-Gorputz eta buru jarrera positiboa izan: kidearen aurrean kokatuz, buruarekin baietz eta irribarre eginez.
-Hitz egitean txandak errespetatu: etenik egin gabe eta hitz egiten duena epaitu gabe.
-Galdera egokiak egin, hobeto ulertu ahal izateko.
-Hitz egin duen azkenak esandakoaren laburpena egin.
-Laburpenaren ondoren, aurrekoaren argudioak zer iruditu zaizkigun adierazi.
-Parte-hartzaile bakoitzak bere iruzkin, argudio eta arrazoiak eman ditzake, baldin eta aurreko pauso guztiak bete badira.
Iturria:
Ariketa: Adimen Emozionala Lehen Hezkuntzan, lehenengo zikloa (Gipuzkoan emozioak: ezagutu, ikasi, landu, bizi).
Argazkia:http://www.20minutos.es/noticia/746890/0/ninos/espanoles/adolescencia/
Argazkia:http://www.20minutos.es/noticia/746890/0/ninos/espanoles/adolescencia/
No hay comentarios:
Publicar un comentario