Zikloka banatuko ditut proposatzen ditudan ariketak eta lehenengotik hasiko naiz, beraz, ariketa hau 6-8 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da.
Gainera, adimen emozionalarekin loturik dauden gaitasun desberdinetan sailkatuko ditut: kontzientzia emozionala, emozioen erregulazioa, autonomia emozionala, giza abileziak eta bizitzeko trebetasunak. Zikloka egingo dudanez, gehiegi iruditu zait ziklo bakoitzeko arestian aipatutako bost gaitasunak lantzeko ariketa bana proposatzea, beraz, txandakatzen joango naiz.
Besterik gabe, hona hemen lehenengo ariketa:
ETENGABEKO DANTZA
Sarrera
Gure burua maitatzeak eta ulertzeak besteak ulertzea eta maitatzea laguntzen gaitu.
Helburuak
-Norbere burua ezagutzea eta maitatzea.
-Paregabeak eta desberdinak garela konturatzea eta onartzea.
Metodologia
Irakasleak musika jarriko duela esango die ikasleei. Musika entzutean dantzatzen hasiko dira ikasleak, musikaren erritmoa mantenduz.
Une jakin batean, irakasleak ezaugarri bat esango du ozenki, hala nola: ilehoriak, martxoan jaio direnak, iluntasunari beldurra diotenak, kirolari onak, eta abar. Une horretan irakasleak musika itzaliko du eta ezaugarri hori dutenak irakaslearen eskuinean jarriko dira. Beste guztiak geldirik geratuko dira beren tokian. Berriro musika piztu eta ikasleak dantzatzen hasiko dira, irakasleak hurrengo ezaugarria aipatu arte. Bukatzeko, borobil batean jarriko gara, atera diren ezaugarriez hitz egingo dugu eta ikasleei besteren bat bururatu zaien galdetuko diegu.
Baliabideak
-Kasetea.
-Zinta.
Iraupena
30 minutu.
Orientazioak
Musika aukeratzerako orduan, komenigarria da musika alaia eta ezaguna erabiltzea.
Oztoporik gabeko gela erabili beharko genuke ariketa egiteko.
Irakasleak kontuan hartu behar du ikasle guztiek parte hartu beharko dutela ariketan, hau da, ezaugarri ezberdinak aipatu beharko dituela.
Iturria: Adimen Emozionala Lehen Hezkuntzan, lehenengo zikloa (Gipuzkoan emozioak: ezagutu, ikasi, landu, bizi).
No hay comentarios:
Publicar un comentario